Kantuak

BRAILLEAN

  1. ZEN
  2. Brailean
  3. Sugegorria
  4. Prediktor
  5. Ez askatu inoiz
  6. Mundu bat
  7. Sugeak eta nireak
  8. Izurdeak
  9. Taxian
  10. Lumak
  11. Lore beltzak

MARGOTU BERRIA

  1. Terrazatako loreak
  2. Bost sexumen
  3. Nire buru hari
  4. Haritzaren memoria
  5. Armadura herdoiluko gerlaria
  6. Sar dadila kalabazan
  7. Auzo lasaia
  8. India
  9. Kezko kezkak
  10. 800 Dukado

LETRAK

Terrazatako loreak

Nola azken trenak, hitzak
nola baratza, goldeak;
halaxe azaleratu
zaizkit sentipen gordeak.
Zure begiek esnatzen
tximeletak ziruditen
hegaldi bati ekiten
ixten, ta berriz zabaltzen.

Lapurtuz egunsentiko
zeruaren koloreak
zuretzat margotzen ditut
terrazatako loreak.
Marmar metaliko bat ta
kafe usaina datorkit
eta ogi xigortuak
salto egin du kolpetik
Izaretatik sutara
eraman baninduzun bart
zilegi da bidaia bat
sutatik izaretara.
Marra intermitenteak
pertsianen zirrikitutik
eguzkiak agintzen du:
“moztu ezazu hemendik”.
Bost sexumen

Zizpuru ta garraisi
hotsen abesbatzan
belarrira xuxurla
nabil konfiantzan
zure senak entzungo
nauen segurantzan.
Bi gorputz bero gara.
Bi gorputz, balantzan,
gure arnasestuen
erritmoan dantzan.

Hurbil zauzkadanetan,
batzutan airetik
zeruraino naraman
usain bat datorkit.
Desioa sartzen zait
sudurtzulotatik
ta burua galtzen dut
zurekin, zugatik,…
ez dakit eta ez zait
inporta zergatik.

Gorputz erdi jantzi ta
erdi erantzien
dantzak nire begiei
eragiten zien.
Ederra zara, baina
gauzak nola diren…
ikusten ez dudana
gustatzen zait gehien.

Bi aho hitz egiten
musuen lenguaian:
koxkatxo bat lepoan,
sorbaldan jarraian,
mihia irristan. Gustu
gozoak paisaian…
zilborretik behera
bi ezpain ezbaian
gustu gaziagoak
ahoratu nahian.

Behatz mamiz ukitu
dut zure azala:
orain mami gozoa,
orain arrakala;
eta laztan bakoitzak
moldea zaitzala
buztinezko gorputz bat
bazenu bezala.
Izozki saltzaileari

Kitarraren akordeak
hautsi du isilunea,
izoztu da Urumea.
Zure bi ezpain moreak
doinu berriak isurtzen
sentimenduen neguan
ikusi hotsak zeruan
mamu dantzari bihurtzen.

Sua duzu begiradan
ta begietan izotza.
Elurrezko panpin bat
ostu zenion bihotza.

Joan zinen duela gutxi
jaitsiz nire eskilarak
izotzezko zapata bat
baino ez zenidan utzi.
Orduz geroztik emeki
besteren baten oinetan
ipini nahi dudanetan
urtu egiten zait beti

Izoztu nuen zurekin
igarotako denbora
ta izotz harekin gerora
helatu goxo bat egin.
Negumina dudanetan
izozki bat erosten dut
ta muxuka jaten zaitut
neguko arrats hotzetan.
Busean zelatan

Leiho ondoan, busaren hotsa,
masaila bero, kristala hotza,
liburu motz bat duzu eskutan,
bizitza hau bezain motza
Begiratua zorrotza,
sortzen duena morrontza,
halere, ez zait arrotza.
Goma gorri bat daukazu eusten
gaztain margoko mototsa.
Zu sekretuan zelatatzeak
dantzan jarri dit bihotza.

Gero, lilurak ninderamala
begiztatu dut zure azala
naufrago batek lurra ikusi
duen unean bezala.
Leuna eta xapala
den zure lepo argala
hautatu dut berehala.
Zuk, behatzekin laztandu duzu
denbora pasatu ahala;
momentu batez iruditu zait
sentitu egin dudala.

Momentu honi nahi diot eutsi
sekula ere ez dadin hautsi
nik nahita ere ezingo nuke
begiratzeari utzi.
Zure irudiak jauzi
egin du, ta ez da jausi;
zu, ta zu soilik, nagusi
Zu begiratzen nago busean
arkatz, kuaderno ta guzi
ta onena da jiratu gabe
ezin nauzula ikusi.
Sar dedila kalabazan

Hazi egin da Txanogorritxu.
Kale ertzean dago lizun.
Garai batean kale izkinak
beldurra ematen zizun.
Asetzen ditu gizonezkoen
horrenbeste eskakizun
(maitasun bete antzerki eta
antzerki bete maitasun).
“Otso kuttuna, otso laztana
zein aho handia duzun…”

Peter Pan honen obsesioa
Sekula Betiko ote?
Lehengoaren ezberdina da
bere bizar ta bibote.
Maiz “Haur galduen” bila_ibiltzen da
ta izan du nahiko zorte;
jakingo balitz Peter Pan jada
giltzapetua legoke…
Haurrren batzuk haur izateari
goizegi utzi diote.

Bellaren begi marroiak dira
esperantzaren bi izpi
Nerudan poema romatikoak,
guztiak, buruz dakizki;
lehengoan tanta gorri batekin
tapatu ziren bi hizki.
Senarrak “puta” deitzen dio maiz
ta kolpatzen du bortizki…
Noiz bihurtu zen piztia printze
ta printzea berriz pizti?

Hala bazan edo ez bazan
sar dadila kalabazan.

Rapunzel bizi den dorretxoan
beti egiten du hotza,
inoiz urjauzi hori-hori bat
izan zen bere mototsa,
ta kimioaren ondorioek
ematen diote lotsa.
Kanpoko sorgin baten beldurrez
pasa zuen ipuin motza
ohartu gabe bere barruan
zeramala heriotza.

Anfetamina, barbituriko,
endorminaren antzezpen…
Loti Ederrak jadanik ez du
ipuinetan sinesten
ta saiatu da etxean zeuzkan
pilula denak irensten.
Loti ederra koman sartu da
nahiz jada ederra ez den
jada amets ez egitearekin
besterik ez du amesten.

Telebistako eredu argal,
aldizkariko diskurtso…
Edurnezuri komun-tazaren
ertzean da, begi-lauso;
argaldu nahiak bere haragitan
guztia bihurtu du txo.
Ispiluetan hain ezaguna
ez zaion pertsona du so:
“Nor da erreinuko neska_ederrena
ispilutxo ispilutxo?”

Hala bazan edo ez bazan
sar dadila kalabazan.

Auzo lasaia

Arraindegian arrain begiak,
txarkuterian urdaia,
txakurtegitik ihes eginda
dabilen zakur deslaia,
bazar txinatar amaitezina
nire auzotik Shangai-a,
zure oroimena berpizten duen
pelukerien usaia,

Handiaren konplexua,
txikiaren handinahia,
lekurik ez duelako
haziko ez den bonsaia,
eskolako_etxeko lana,
ta kaleko ikasgaia.
Harlauza_arteko lorea,
hamahirugarren kanpaia,

etxeorratz zorrotzena
zerua bezain garaia,
aitona bat pertsegitzen
igarotako garaia,
elizaren atarian
zain dagoen ezkongaia,
farolek argitu dute
beranduegi dela ja.

Pausoak,
igogailuko usoak,
hautsitako platera urdin bat
dirudi auzoak.

Suizidatu den galtzerdi beltz bat,
umezurtz gazte ernaia,
bi Toyota klaxon joka,
haurtxoen jolas alaia,
lau jertse daude lurrean,
sei haurren futbol zelaia,
mundua irri batekin
alaitzearen dohaia.

Oinez, prostituta baten
aurretik doan gotzaia,
gona motzaren etsaiak,
gona motxetan etsaia,
elizaurrean oraindik
zain dagoen senargaia,
bere hiru alabekin
paseatzen senar gay-a,

mozkorra etxeratzean
biraka dago sabaia.
Krisiko itsasoan ez
itotzeko eskifaia,
presaren presaz bidean
utzitako ekipaia,
bidaia guztiak dira
itzulerako bidaia.

Pausoak,
igogailuko usoak,
hautsitako platera urdin bat
dirudi auzoak.
Zebrabide bat, ta bi oin
amona baten ezbaia,
pasatzen utziko didan
gidari aingerugaia,
asfaltoan arrasto bat:
olioa, erregaia…
balazta soinu luzea,
gurpil arrasto jarraia.
Kartelen esan ezina,
graffitien esanahia,
sudadera beltz bat, eta
kriskitin joka spraya,
pintada zaharrak garraisi
Jarraitik Ernai-a,
argazki bat, argazki bat,
preso dagoen anaia.
( )Hasiera, amaiera,
Asier eta Amaia,
gau beltzean igitaia,
keniar baten bisaia,
polizien atalaia,
txantaia, muntaia,
beldurra, kuraia
esposak, epaia…
()Suaren bueltako jaia,
eta keinuen lenguaia,
ardi gabeko artzaia,
idortutako paisaia,
ertzean ixkin eginda
aurrera doa ibaia,
kaleak gorriak dira;
semaforoak, laranja.

India

Lortu dut bidaiako
ziurtagiria.
Berriro Asiara,
ze inbidia!
Mumbai da hartu nauen
lehenengo hiria
europarra naiz, baina
ni ez naiz ‘giria’.
Ahoan bidia,
mihian hindia,
kopetan bindia,
buruan ziria…
Gaur zuri kantatzera
nator India.

Kamioi, auto, moto,
kearen artisau
autobus jendetsuak
dardarka dirau.
Hautsaren erreinuan
arau eza arau.
Pasabidea lortu
klaxon ta alarau.
Pasatu dira lau
zaratadun ricksaw,
kez egindako gau
batek irentsi nau…
Berez ordenatzen den
kaosa da hau.
Ezustekoak daude
jateko ordutan
ta ezusteko minak
bitik hirutan:
barazki espeziaz
koloreztatutan
egin pilatxo bat ta
har zazu eskutan.
Ataka estutan…
bi ezpain puztutan
ta mihiaren puntan
sumendi bat sutan.
Infernua ahoan
dago batzutan.

Zabor mendi usteldu,
pasatako arrai,
komun publikotako
goragalegai;
baina bestalde curry,
masala, azafrai,
zabaldutako lore,
eskainitako chai.
Zentzumenak ernai
usnatzeko zernahi,
txokoro duzu zai
sudur bete usai…
batzuetan bat sobra
bestetan bi nahi.

Nahiz castak abolitu,
hauxe da egia:
diruak zatitzen du
biztanleria.
Aberatsa hemen da
aberatsegia
eskalea lurrean
dago eseria:
falta du begia,
triste aurpegia,
denge, difteria;
osasun eria.
Guztien ondasuna
da miseria.
Haritzaren memoria

Bilauak edo heroiak
esango du historiak.
Epaitegitatik kanpo
behar luke hilobiak.
Espetxeetan, nahiz segadetan,
ustekabeko tiroketetan
eraitsiak, eroriak.
Minak ez al du min ematerik?
Nori egiten dio kalterik
haritzaren memoriak,

Kate motzak, kale hotzak
edo ta kare goriak…
Nork erabakitzen ditu
gorpuen kategoriak?
Nekez galdetzen du hariztiak:
Zer ote du onetik gaizkiak?
Ta zer txarretik ongiak?
Minak ez al du min ematerik?
Nori egiten dio kalterik
haritzaren memoriak?

Mendira eraman zaitu
negar zoriak
gaurkoan ez du kantatu
behar txoriak.
Ardaxka berri bati begira
lur biluzira erori dira
bere negar malko biak.
Nahiz zainak lurretik erauzirik,
jarraituko du beti bizirik
haritzaren memoriak.

Berdez jantzita zetozen
gorri-horiak,
odola pozoindu zien
‘vascofobia’k.
Gorrotoak dauzka itsuegi
isilik dago Aritxulegi
ez dauka gatzik ogiak.
Nahiz zainak lurretik erauzirik,
jarraituko du beti bizirik
haritzaren memoriak.

Dena ez denaean ezer

Zu ez zarenean dena,
izan al ninteke ezer?
Ez nezakeenean uler
sentitzen ari naizena,
zer da egin behar dena
dena bukatu ondoren?
Erdibitzear zegoen
mundu batetik bi mundu
erditu, eta urrundu,
zatitan lehertu baino lehen?

Maiz negarretan leherturik,
babes pozoindu bat behar:
Besarkatzen dugu elkar
elkar ezin ulerturik
eta orduan, urturik,
biak haragi ta gezur
(bata bestearen beldur,
noiz ihes egingo digun…)
Noiz bihurtu zitzaizkigun
besoak galdera ikur?

Usoak hegan egin du.
Hoztutako izarekin
bandera zuriak egin
eta zeruan astindu.
Baina bihotz maitemindu
batentzat bake koldarra
beti izaten da txarra
Ez dut nahi bakerik jada
zu-etena baldin bada
bake posible bakarra.

Trumoi ondorengo trumoi
hauetara errenditu
rutinak bihurtu ditu
aho hau eta ohe ohi
hura, ahazteko arrazoi.
Nahiz eta iragan eder
hura faltan bota laster,
onar dezagun azkena
ezer ez delako zena
dena ez denean ezer.
Zetazko sorta

Ispilu baten aurrean nago
(haur bat, aitaren zapataz);
esan didate: “gero bukatu
ezin duanik etzak has”.
Ez dakit kalez nahastu naizen,
edo auzoz, edo mapaz.
Gogoratzen naiz zalantza artean
bizi behar puta hartaz,
baina orduan zergatik nago
ezusteko baten faltaz?
Esnatzen gara isildutako
oihu guztien marrantaz.
Nik hautatu dut bide hau edo
ez naiz aldatzeko kapaz?

Erraiak biziz berritzen dira
ahaztuta geneuzkan grinaz;
ustez lotuta genuen hura
“gizonen gain ez zedin haz”.
Jada belaunak urratu zaizkit
bide berriei ekinaz;
sarri minduta sentitu ohi naiz,
baina zer dakit nik minaz?
Nire burua babestu izan dut
ihesbide ezjakinaz:
Zure musuak saihesten ditut
ezpainei izkin eginaz,
baina nork daki zenbat alditan
nahastu naizen izkinaz?

Zenbat denbora da kilimarik
jaso ez dudala betilez,
baina goizero begiak zabal
zabalik dauzkat beti lez.
Maite dudala badakit baina
nahikoa al da? Beti ez.
Inoiz kontuak ilundu dira,
baina ez daude beti beltz.
Gainez egina dimentsioz, gaiz,
eta aukera posiblez.
Eta galderaz nahastu banaiz?
Erantzunez? Edo bidez?
Bere buruan beldur den horrek
noa egiten du ihes?
Nire buru hari

Azken aldian begiak bildu
gabe pasa dut hainbat gau
edonor izan daitekelako
bere minaren artisau.
Nire trikuak azkenaldian
barrurantz jirata dirau.
Behin izan nintzen haren hondarrak
harrotzen ez baldin banau
laster mareak irentsiko du
haragizko uharte hau.

Ahul ta txiki sentitzen banaiz
arnastea gehiegi da
ta mantapetik mundua ez da
itzultzen bere neurrira.
Haur izutu bat besterik ez naiz
buruari jira ta bira;
munstro guztiak armairu baten
barruan kabitzen dira
eta orduak joaten zaizkit
armairuari begira.

Zein da bidea? Sendabidea.
Sendatzeko nire senda?
Maite ez dudan jokabide bat
ez nuke zertan lausega;
eztarrian dut korapilo bat
(hitz isilduen zerrenda).
Zerbait pentsatu, beste bat esan
(“egia handia zen ba…”)
eta bidean geratzen dena
minbizigai bihurtzen da.

Masailak bero sumatzen ditut:
malko bat bestean klona;
barregarria izan liteke
negarrez dagoen clown-a.
Zorionaren ataria da
benetako zoriona:
gozoki bat da eskutan, baina
ireki gabe dagona.

Bakardadeak

Norbait bilatzen duenak
edonor aurki dezake.
Bihotz hutsentzako kalte;
beteta daude tabernak.
Eta bertan sartzen denak
ezin du bakarrik irten;
sekula ez da jakiten…
Irriak irrien truke…
Bi bakardadek ez dute
bikote ona egiten

Gorputz desesperatuen
galduriko bi arima
-patuaren bi biktima-
gauak elkartu zituen
ahalik eta estuen
ilusioen habian,
alkoholaren ausardian:
“Agian nahikoa edanda…”
“Agian gaurko parranda…”
“Batek daki, gaur, agian…”

Beroak sua du amets.
Mutilak Wistona ketu
eta neskari galdetu
zigarrorik nahi duenentz.
Neskaren ezpainek, ezetz:
Bere ezpainen umela
soilik desio dutela
esan diote irrikan,
Wistonaren inbiritan
baldin baleude bezela.

Neskaren elkarrizketak
mutila konbentzitu du:
“Marraztuko al ditugu
haragizko tximeltak?”
Ta hasi dira ferekak…
Ta desio lurrundua
elkartu den segundua
ez dakit existitu den.
Elkar irentsi nahi duen
bikote bat da mundua.

Berandutu den idean
itxi diete taberna,
betiko proposamena:
“Zurean edo nirean?”
Eta etxera bidean
amodioaz hizketan
eta gelako krisketan
ezpain puztuen irria.
Gaur ere itsaskirria
izango da maidiretan.

Izerditik izerdira
arnasestuak zabaldu,
izara artean galdu
eta barrura begira
batera lokartu dira;
baina ez dakit zergatik
-edo agian badakit-.
Zurrunkak zurrunka truke.
Biek amets egin dute,
bakoitzak bere aldetik

Egun berri bat jaiki da.
Arropak agudo jantzi.
Eguzki pintzak distantzi
bilakatu ote dira?
Orain, elkarri begira
gauak emandako xarma
egunsentiak darama:
“Benetan ondo pasa dut.
Agian deituko dizut…
Beste bat arte laztana”

Ahalik azkarren handik
alde egin beharra dago.
Bezperan baino hutsago
sentitzen dira oraindik.
Ta bi bakardade handik
lehenago ez zekiten,
orain ez dakit dakiten.
Damua damuen truke.
Bi bakardadek ez dute
bikote ona egiten.
Armadura erdoiluko gerlaria

Beldurra hartu zienez
pare bat gerlari latzi
ezpata erosi zuen
eta armadura jantzi
(azaletik burdinera
bi zentimetro distantzi).
Hari zegokion oro
handitasun ta garrantzi.
Pare bat izerdi saio
ta pare bat negar antsi.
Armadura erdoildu da
ta azalera itsasi.
Orain ezin du laztandu
ta poemarik idatzi
gizarajoak ezin du
bere azala erantzi.

Ezpata zorrotza bere
beso laburren luzapen;
besteak zauritzen ditu
bera zauri ez dezaten,
nahiz eta erasoetan
minik ez duen jasaten
zenbat denbora musurik
ez diotela ematen?
Beldurra ari da bere
armadurapea jaten.
Lakuko dortoka bat behin
ahalegindu zen esaten:
“Nahiz eta kartzela askoz
hitz egin ahalko diaten
zaila da azala baino
estuagorik izaten”.

Armadura haren erruz
ez zitekeenez mugi
biluztea erabaki du
eta jarri da urduri:
pieza bat kendu du, lehenik;
ta gero, kendu ditu bi…
askatasunak beldurra
ematen digu batzuri.
Usaimenak seinalatu
ditu sei larrosa zuri
eta berak atzaparra
luzatu die hiruri
hatzean zast egin du ta
odol tanta bat isuri
baina egin duen zauriak
irribarre bat dirudi
800 DUKADO

Non da gure gogoa?
Han, gure zangoa.
Geldirik dagoena
atzerantza doa.

Abiatu, ta goazen
Mendaur puntara arte;
ez zazu parte hartu
izan zaitez parte.

Ertza urrun badago
bihur gaitezen zubi
800 dukado
merkea dirudi.

Beude emakumeen
mendi maratoian
goikoak behean ta
behekoak goian.

Dagoen desoreka
nahi dugu berdindu.
Helmugak inporta du,
postuak berdin du.

Ertza urrun badago
bihur gaitezen zubi
800 dukado
merkea dirudi

Gizon emakumeak
ertzetan, askotan;
busti beharra dago
ez bustitzekotan.

Harresia babesa
bada zubipean
indar bilakatzen da
zubi egitean.

Ertza urrun badago
bihur gaitezen zubi
800 dukado
merkea dirudi

DENA EZ DENEAN EZER

1. Busean zelatan

2. Izozki saltzaileari

3. Bakardadeak

4. 9 hilabete

5. Zetazko sorta

6. Dena ez denean ezer

7. Itsasoa 

8. Nire Tokia

9. Haur ginelarik

10.Malko bat

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s